XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eragiketa matematikoak.

Operazioren esannahia hizkera arruntean.

Eguneroko hizkeran operazio hitza erabiltzen dugunean, ekintza bat adierazi nahi dugu, baina emaitza bat lortzeko bideratu dugun ekintza bat hain zuzen.

Etxeberriatarren artean adibidez, oporraldi-operazioa abiatu da: aita bere autoa prestatzen ari da, ama jantzi eta beharrezkoa biltzen eta Etxeberriatarren artean gazteena berriz eramango dituen jostailuak aukeratzen.

Trafiko-zentralean ere oporraldi-operazioa aurrera doa: funtzionariak trafikoa aztertzen ari dira eta patruila motorizatuak alde batetik bestera dabiltza.

Beste adibide batzuk: Etxeberria jauna bankura joan da txeke bat kobratzera: operazio finantzar bat egin du.

Bi gaizkile atxilotuak izan dira: ertzainen operazio distiratsu bat izan da.

Mikel ariketak ari da egiten harbelean: operazio matematikoak ari da egiten, eragiketak beraz.

Honela ba, operazioak edo eragiketak egitea ekintzak burutzea da; eguneroko bizia horrelako ekintza pila baten multzoa da, baina denak gure buruaren gidaritzapean egindakoak, berak aukeratzen baitu egin behar diren ekintzak, zein ordenatan eta zein ingurugirotan egin.

Eragiketa trukakorrak eta ez-trukakorrak.

Badira operazio batzuk ondorio desberdina dutenak, gordetzen den ordenaren arabera; berokia eta jaka jartzea, ordena berezi bat gordetzea eskatzen duen operazioa da: lehenengoz jaka eta gero berokia.

Alderantziz eginez gero, oso ondorio desberdina izango dugu, edo beharbada ezinezko gertatuko zaigu.

Baina gure operazioa txapela eta berokia jaztea bada, argi dago berdin izango zaigula nahi dugun ondorioa lortzeko, lehenbizi txapela eta gero berokia jaztea edota berokia lehenengo eta txapela gero jaztea.

Berokia jantzi eta txapela jartzea operazioa trukakorra da: berokia eta jaka jaztea - operazioa ez da trukakorra.

Ekintza trukakorra eta ez trukakorrak hain sarritan baititugu gure aurrean, konturatu ere ez gara egiten ia; gure burua da baina erne dagoena, eta nola jokatu behar dugun azkar erabakitzen duena.

Hitzegiten edo idazten dugunean, hitzak osatzen ditugu alfabetoko letrak ordenatuz: letrak ordenatzeko ekintza hori ez da trukakorra.

LORA hitza idatziz adibidez, L, O, R, eta A, letrak ditugu orden berezi batean: beste era batera ordenatzen baditugu letra hauek, esannahi desberdineko hitzak sortuko ditugu, ALOR, ARLO, ORLA, bezala, eta zentzurik gabeko multzoak ere bai: Alro, loar, etabar....